Tabakalerak eta Baskegurrek altzariak diseinatzeko lehiaketa bat sortu dute
Baskegur eta EHUko Arkitektura Eskola elkarlanean ari dira, Tabakalerarekin batera, zentroko espazio publikorako hiri-altzariak berritzeko lehiaketa bat sortzeko.

14/11/2023
Tabakalerak, BASKEGUR Euskadiko Egurraren Elkartearekin eta UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoarekin lankidetzan, Tabakalera eraikineko bigarren solairuko hall-eko hiri-altzariak diseinatzeko lehiaketa antolatu du. Gaur egun Medialabaren ataria da, baina egungo trenbidearen gainean proiektatuta dagoen etorkizuneko plazatik sartzeko sarrera berria izango da.
Lehiaketaren helburua da ekipamendu publikoetan askotariko erabileretarako esku-hartzeetan sormena eta berrikuntza sustatzea. Gainera, lehengai nagusi gisa PEFC jasangarritasun-ziurtagiria duen hurbileko zura erabiltzea izango da diseinu-proiektuaren ezinbesteko baldintzetako bat.
UPV/EHUko Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleei zuzenduta dago, zehazki, lehiaketa. Beraz, sariketa honetarako berariaz prestatutako proposamen berriak egin beharko dira; lehiaketa irabazten duen proiektua fabrikatu eta Tabakalera eraikineko aipatutako espazio publikoan jarriko da, eta 2.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, gainera.
Lehiaketan kolaboratzen duten erakundeetako ordezkariek osatuko dute epaimahaia, eta balorazio-irizpideak izango dira eko-diseinua, jasangarritasuna, bikaintasuna, berrikuntza eta proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.
Azken batean, 30 bat lagunentzako tokia izango duen harrera-, atseden- eta ikasketa-leku bat sortzea bilatzen du lehiaketak, betiere oso kontuan izanda sorkuntza garaikidera eta artearen eta kulturaren zabalkundera bideratutako zentro baten testuingurua.
Online aurkeztu beharko dira proiektuak azaroaren 30a baino lehen, eta 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen jakinaraziko da epaimahaiaren erabakia.
Hemen kontsulta daitezke Tabakalerako hiri-altzariak diseinatzeko lehiaketaren oinarri guztiak.


