Egurraren sektorerako belaunaldi-errelebo eta negozio-transmisio zerbitzua
Belaunaldi-erreleboa da gaur egun egurraren eta arotzeriaren sektoreak duen erronka nagusietako bat.
29/07/2026
Urte askotako ibilbidea eta etorkizuneko bideragarritasuna dituzten enpresa askok jarduerari amaiera emateko unea iristen zaie, jabeak erretiroa hartzen duenean, baina askotan ez dute jarraipena bermatuko duen ondorengorik. Aldi berean, badira enpresa sendotu bat eskuratu edo hazteko aukera berriak bilatzen dituzten profesionalak, ekintzaileak eta enpresak.
Horri erantzuteko, Arotzgik eta Acevik Negozio Transmisio Zerbitzua eskaintzen dute. Ekimen honen helburua da beren enpresa saldu edo eskualdatu nahi dutenak eta jarduerari jarraipena eman nahi dioten pertsona edo enpresak harremanetan jartzea.
Prozesu osoan zehar laguntza pertsonalizatua
Enpresa baten transmisioa erabaki garrantzitsua da, alderdi ekonomikoak, juridikoak, fiskalak eta pertsonalak uztartzen dituena. Horregatik, Arotzgik aholkularitza pertsonalizatua eta konfidentziala eskaintzen du, kasu bakoitzaren beharretara egokituta.
Helburua da negozioa eskualdatzen duen pertsonak zein hura eskuratzen duenak beharrezko informazio eta laguntza guztia izatea prozesua segurtasunez egiteko, arriskuak murriztuz eta bi aldeentzat trantsizio egokia eta arrakastatsua bermatuz.
Nori zuzenduta dago zerbitzu hau?
Zerbitzua egurraren eta arotzeriaren sektoreko hainbat profilentzat dago pentsatuta:
- Erretirotik gertu dauden eta beren enpresa saldu edo eskualdatu nahi duten enpresaburuentzat.
- Urte luzez egindako lanari jarraipena eman nahi dioten profesionalentzat.
- Beste negozio bat eskuratuz hazi nahi duten enpresentzat.
- Dagoeneko sendotuta dagoen enpresa baten bidez jarduera hasi nahi duten ekintzaileentzat.
Horrela, belaunaldi-erreleboa aukera bihurtzen da enpresa-sarea mantentzeko, enplegua babesteko eta urteetan pilatutako ezagutza eta esperientziari jarraipena emateko.
Negozio Transmisio Zerbitzuaren helburuak
Zerbitzu honen helburu nagusiak honako hauek dira:
- Enpresa baten transmisio edo erosketa prozesu osoan aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua eskaintzea.
- Dauden aukerak ezagutaraztea, erretiroak ez duelako zertan negozio baten amaiera izan; aitzitik, etapa berri baten hasiera izan daiteke.
- Topagune bat sortzea, beren jarduera eskualdatu nahi duten enpresak eta negozio bat eskuratzeko interesa duten pertsonak harremanetan jartzeko.
- Egurraren eta arotzeriaren sektoreko enpresen jarraipena sustatzea, transmisio prozesu seguru eta ondo planifikatuen bidez.
Arotzgik eskaintzen dituen zerbitzuak
Belaunaldi-erreleboa errazteko, Arotzgik laguntza integrala eskaintzen du, besteak beste:
- Eskualdatu beharreko enpresaren hasierako balorazioa.
- Erosle posibleak identifikatzea eta alderdien arteko lehen harremanak bideratzea.
- Negozioaren negoziazio eta formalizazio prozesuan aholkularitza juridikoa, fiskala eta merkataritzakoa eskaintzea.
- Prozesu osoan zehar jarraipen pertsonalizatua egitea, urrats guztiak behar bezala garatzen direla bermatzeko.
Horrez gain, Arotzgik belaunaldi-erreleboari eta negozio-transmisioari buruzko urteko topaketa antolatzen du. Topaketa hori sektoreko enpresen eta eragileen arteko elkargune gisa planteatzen da, esperientziak partekatzeko, aukera berriak identifikatzeko eta lankidetza sustatzeko.
Sektorearen etorkizunaren alde
Zerbitzu honen bidez, Arotzgik eta Acevik egurraren sektoreko ezagutza, esperientzia eta enpresa-sarea babesten laguntzen dute. Belaunaldi-erreleboa errazteak ibilbide luzeko enpresen jarraipena bermatzeaz gain, aukera berriak sortzen ditu sektorean ekin edo beren jarduera zabaldu nahi duten pertsona eta enpresentzat.


